11. Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak
1. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 133 erreklamazio jaso dira guztira. Kexa horiek honako administrazio hauei buruzkoak izan dira:
– Tokiko administrazioa.....108
– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....12
– Foru administrazioa.....3
Azpiarloen araberako banaketari dagokionez, sailkapena honakoa da:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....46
– Kontratazio-araubidea ondarea eta administrazioaren erantzukizuna.....41
– Tokiko zerbitzu publikoak.....22
– Udal erroldaren kudeaketa.....14
– Informazioa eta herritarren parte-hartzea.....6
– Herritarren eskubideak.....2
– Beste alderdi batzuk.....2
Arlo honetako kexen informazio estatistikoa, ekitaldia itxi den unean, ondorengoa da:
Jasotako kexa gehienen izapidetze egoera arrazoizkoa da, eta gure jarduna, gutxi gorabehera, amaitu egin da eskuratutako guztien bi herenetan. Batez ere, laugarren hiruhilekoan jasotako kexei dagozkien jarduera fase ezberdinetan daudenak falta dira. Orokorrean, herri administrazioen erantzuna arrazoizkoa izan da eta helarazi dizkiegun gogoetak kontuan hartu dituzte, jarduera okerren bat antzeman dugun kasuetan. Hala ere, emandako gomendioen alorrean, ondorengo ataletan antzemango dugun moduan, Arartekoaren proposamenaren onespen-maila, gutxi gorabehera, kudeatutako kexa-espedienteen erdia izan da.
2. Kexarik aipagarrienak
Idatz zati honetan, izapidetu ditugun kexa azpimarragarrienen laburpen bat egingo dugu aurten garatutako jarduera islatzeko, bereziki helduz gomendio edo iradokizunen baten xede izan direnei. Kexak azpieremu materialei jarraiki multzokatuko dira, jarraian xehatuko ditugun epigrafeak gorabehera.
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honetan hainbat herri administraziori zuzendutako gomendioak jorratuko ditugu. Bertan, legezkotasun formala eta materiala bete ez dela agerian geratzen da eta, bereziki, izapidetutako kasu batzuetan, zenbait udal-zerbitzu arautzen dituzten araudi eta ordenantzak berrikusteko eta aldatzeko beharra azpimarratzen da.
Horrela bada, 2012ko abuztuaren 9ko Arartekoaren ebazpena azpimarra dezakegu. Horren bidez, Gasteizko Udalari gomendatzen zaio gizarte etxe eta kirol instalazioetako udal araudia ez betetzearen ondotik hasitako zigortzeko espedientea berrazter dezan.
Gure ustez, udal administrazioak, udal araudia urratzeagatiko zigortze-espedientea ebazterakoan, ez zituen behar bezala eta elkarrekin aztertu kasuko egoera salbuesleak eta aringarriak, beraz, izapidetutako espedientea zigortzeko eskumenaren erabilerarako funtsezko arau orokorren araberakoa ez zela uste dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen arabera.
Ondorioz, espedientea egoera horiek baloratzeko izapidera atzera eramatea egokia zen, erreklamatzaileak egindako alegazioen arabera. Kexaren harira, era berean, udalari gomendatu genion Gizarte Etxeen eta Kirol Instalazioen Udal Araudia berrikus zezan, instalazioen erabilera gabetzeko zigorraren graduazioa bideratu ahal izateko denbora muga bat ezarrita eta irismena argitze aldera (zigor independentea edo osagarria, erabiltzaile eta abonatuaren zehaztapena, etab.). Ez zen gomendioa onartu.
Bestalde, 2012ko otsailaren 1eko Arartekoaren ebazpena ere eman genuen. Horren bidez, Errenteriako Udalari gomendatzen zaio Salmenta Ibiltaria arautzen duen Ordenantza berrikusteko.
Ebazpen horretan, Europako araudia aplikatzetik sortutako aldaketa sakonen aurrean, salmenta ibiltariaren esparruan legezko araudia betetzearen arazoa azaldu zen. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentarauak, barne-azokako zerbitzuei buruzkoak, establezimendu-askatasunerako eta zerbitzuen prestaziorako oztopo juridiko eta barrera administratibo justifikatu gabe guztiak ezabatzeko betebeharra ezartzen die estatu-kideei.
Zuzentarau hori betez, zerbitzuetako jardueren sarbide libreari eta horien egikaritzari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak zerbitzuen jardueretan esku-hartze publikoa arautu behar duten printzipio eta xedapen orokorrak sartzen ditu, eta, beraz, arauen aniztasunean aldaketa garrantzitsuak egin behar dira. Salmenta ibiltariaren arloan, zehazki, Txikizkako Merkataritzaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legea erreformatzeko martxoaren 1eko 1/2010 Legea eta salmenta ibiltariaren edo ez sedentarioaren jarduna arautzen duen Otsailaren 26ko 199/2010 Errege Dekretua onetsi dira.
Errenteriako Udalak, erreferentziako ordenantza eguneratu izan arren, aipatutako sektoreko arauak kontuan hartu zirela adieraziz, praktikan ez zuen kontuan hartzen, araudian debekatutako baldintzak barne. Udal administrazioak indarreko ordenantza legezkotasunera egokitzeko berrikustea onartu zuen, baina unera arte ez dugu abian dauden izapideen inguruko informaziorik.
Azkenik, atal honetan interesgarria litzateke agirien sarrera erregistroari eta administrazio elektroniko barneratzaileari buruzko iradokizun bat aipatzea. 2012ko ekainaren 21eko Arartekoaren ebazpenari buruz ari gara. Horren bidez Pasaiako Udalari iradokitzen zaio agiriak erregistratzeko zerbitzua hobetu dezan, barrutietan egindako agirien aurkezpena erraztuko duten neurri antolatzaile eta teknikoak hartuta.
Ebazpen horretan Pasaiako Udalari iradoki genion barrutietako egoitzetan agiriak aurkezteko aukera emango zuketen neurri antolatzaile eta teknikoak aztertu zitzala, aurkeztutako agiri horien kopia zigilatua lortzeko bermearekin, gehiegizko gasturik gabe eta eskuragarri dauden baliabideak optimizatuz. Zerbitzu elektronikoen nahitaezko garapen horrek ez du inolaz ere ekarri behar erabiltzaile gehienek erabilitako zerbitzu presentzialen hobekuntza ukatzea eta, ildo horretan, herri-administrazioek baliabide teknologikoek erakusten duten ahal guztia erabili beharko lukete aipatu baliabideak antolatzeko eta haien zerbitzuetako erabiltzaile guztiei zerbitzu publiko hobea emateko.
2.2. Udal erroldaren kudeaketa
Iaz azaltzen genuenez, eragindakoentzat aldeko ebazpena lortzen duten arte pilatutako atzerapenak kalte larria sortzen duela badakigun arren, gure esku-hartzearen ondotik, arlo honetan aurkeztutako kexa gehienak ebatzita geratu ziren.
Ekitaldi honetan, hala ere, izapidetutako kexa batzuetan oraindik ez dugu erantzunik lortu edo lortutakoa gaitzeslea izan da eta kasuren batean ere, interesduna azkenik bere egoitzaren helbidean erroldatu den arren, alta baimentzeko eskatutako baldintzak ez ziren indarreko legezkotasunaren araberakoak.
Lankidetza faltaren eta legezko araudiaren kontrako erroldatze ukapenaren adibide gisa, 2012ko urtarrilaren 31ko Arartekoaren ebazpena aipa dezakegu, Horren bidez, Ortuellako Udalari gomendatzen zaio senar-emazte erreklamazio-egileak biztanleen udal-erroldan inskribatzeko.
BLMAren 59.2. artikuluan xedatutako udalen eskumenak ez du berekin ekartzen okupazio tituluaren legezkotasuna edo legezkotasun eza aztertzeko ahalmena duenik, bere helburua identitatea eta egoitza eraginkorra benetakoa dela egiaztatzea baita. “El Ayuntamiento podrá comprobar la veracidad de los datos consignados por los vecinos, exigiendo al efecto la presentación del documento nacional de identidad o tarjeta de residencia, el libro de familia, el título que legitime la ocupación de la vivienda u otros documentos análogos”. Titulu edo agiririk ez izatekotan, udalek aipatutako helbidean benetan bizi dela beste bitartekoen bidez, adibidez, udaltzaingoaren txostenen bidez, egiaztatzeko eskumena dute, baina egoera hori inolaz ere ezin izan da erroldatzea ukatzeko arrazoi. Laburbilduz, udalaren eskumenaren helburua alta jaso nahi duen helbidean benetan bizi dela bermatzea da.
2.3. Informazioa eta herritarren parte-hartzea
Arlo honetan kontu ugari jorratzen dituzten kexak aurkeztu dira, baina guztiak informazio publikorako irisgarritasun handiagoa, informazioaren edukiak kalitate hobea izatea eta herritarren parte-hartzeari dagokionez legezko xedapenak betetzea eskatzeko helburuarekin.
2012ko ekainaren 11ko Arartekoaren ebazpena aipatu beharra dago, Duranako udalbatzako saioen aldizkakotasunari buruzkoa.
Herritar batek kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan Duranako Administrazio Batzarrak ez zituelako deitzen udalbatzako saioak legeak eskatutako gutxieneko aldizkakotasunarekin. Administrazio Batzarrak, bestalde, herritarren batzordea deitu ez izana justifikatu zuen jorratu beharreko inolako gairik ez zutela eta formalismorik gabeko erakundea zela esanez.
Erakunde hau ados dago udalbatzen antolamenduaren funtzionamendua arina eta beharrezkoak ez diren formalismorik gabekoa izatearekin, haien egitura eta eskura dituzten bitarteko urriak kontuan hartuta, baina nahitaez errespetatu behar diren gutxieneko elementuak daude eta Arabako Lurralde Historikoko Herri-batzarrei buruzko martxoaren 20ko 11/1995 Foru Arauak nahitaez bete beharreko estatu juridikoa eratu du eta gutxienez hiru hilabetean behin bilerak dei daitezen eskatzen du.
Aurrekoaren harira, eta udalbatzen funtzionamenduari dagokionez, Kaizedo Beheko Administrazio Batzarraren akta bat eta kontuak aztertu ezin izanagatik izapidetutako kexa aipatu behar dugu. Kasu honetan adierazitako arazoa konpondu zen eta, bide batez, aldeei gaiaren inguruko amaierako gogoeta helarazi genien. Komunitateko gaietan herritarrek zuzenean parte-hartzeko, Administrazio Batzordea eta errejidore-presidentea bezalako gobernuko organoak apartak izan behar dira interesa duten herritar guztiei erakundeak duen informazioa eskaintzean, euren kudeaketaren emaitza kontuan hartuta eta erabakian errespetatuz eta betearazten, legezkotasunaren esparruan.
Bestalde, herritarrek ere udalbatzaren eguneko kudeaketa bere gain hartzen duten pertsonen lanean laguntzeko eta errazteko erantzukizuna dute, komunitate guztiaren onerako bideratzen duten jarduera behar izan gabe oztopatu gabe, izan ere, orokorrean, ez dago administrazio egiturarik lan hori egin ahal izateko eta batzordeko kideek bete behar izaten dute.
Informazio publikoa eskuratzeari dagokionez, elkarte batek erreklamazioa aurkeztu zuen Busturiako Udalak berak ez zuelako bete Auzotarren partaidetza eta informaziorako araudia (2010eko azaroaren 23ko 225. zk.ko BAO), ez elkarteari ez herritarrei orokorrean ez zielako behar bezalako informazioa eman udal jardueraren eta gobernuko eta osoko bilkurako organoen inguruan. Udaleko iturriek ahoz esan zieten informazio hori argitara emateko mugak zeudela Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren babesean.
Orokorrean, elkarte erreklamatzaileek aurkezten zuen kontua kokatzeko, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak aplikatu behar direla uste dugu datuak erabiltzerakoan pribatutasun eta gardentasun eskubideak zein kontu publikoetarako informazioa eta parte-hartzea lortzeko eskubidea jokoan egon daitezkeenean. Hala azaltzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) (CN06-015) irizpenean.
Kontu hori tokiko administrazio askok ebazten dute datu izendunak banantze teknikaren bidez, unean dauden bitarteko informatikoekin arazoa modu praktikoan eta eraginkorrean konpontzen duen formula, sesioz sesio ikerketa zorrotzik egin behar izan gabe jakiteko zer datu izendunek izan zezaketen berariazko legezko estaldura eta zein egoeratan ez. Hori guztia gai baten inguruko berariazko informazioa jasotzeko eskaerak unean dagoen legezko estaldurari buruzko azterketa eskatzeko kaltetan izan gabe, horren bidez hainbat datu eman ahal izateko interesdunaren baimenik gabe. Azkenik udalak gaia konpondu zuen, deialdiak eta aktak Web orrian zein auzo ezberdinetako iragarki-tauletan argitara emango zituela adostuta eta interesa zuten elkarteei informazioa posta elektroniko bidez bidaltzeko konpromisoa hartuta.
2.4. Herri-administrazioen ondarea
Iazko memorian adierazitakoaren ildoari jarraiki, ekitaldi honetan ere azpimarratu behar dugu herri administrazioek eskura dituzten legezko bitartekoak erabili behar dituztela ondare publikoa defendatzeko. Horrela xedatzen da 2012ko ekainaren 26ko Arartekoaren ebazpenean. Horren bidez, Artzentalesko Udalari gomendatzen zaio erregistroko izen-emate baten aurrean esku hartu dezan, bide publiko bat partikular baten izenean baitago.
Desadostasuna sortzen zen, alde batetik, herritarren erabilera orokorrerako irekita dagoen bide publikoaren errealitate fisiko eta jabetza-egoeraren eta, bestetik, erregistroko errealitatearen artean, azken horren arabera lursail publikoaren zati hori onibar partikular baten zati gisa gaineratuta geratu baitzen. Erregistroko titularraren aldeko presuntzioa iuris tantum izaerakoa denez, hau da, argudiatzen duenak egiaztatu behar duen frogaren karga alderantzikatu egiten denez, espediente horiek izapidetzea zaila da, lortzeko erregistroaren izen-ematea baliogabetzen duten aurkako frogak aurkeztu behar baitira. Gainera, kasu askotan, bide judizialera jo beharra dago, erreibindikazio-akzioa auzitegi zibilen aurrean erabiliz, deklarazioko judizioaren bidez eta, bitartean, ezin da dagokion erregistro inskripzioa zuzendu, inskripzioaren titularra borondatez zuzentzearekin ados egon ezean. Artzentaleseko Udalak izapidetutako gomendioa onartu zuen.
2.5. Ondare erantzukizuna
Arlo honetan kexa ugari jaso ditugu, herri administrazio ezberdinei zuzendutako erreklamazioak oinarri zituztenak. Bertan, funtsean, aurreko ekitaldietan antzemandako gaiak errepikatzen dira. Horrela bada, kexa-bloke bat izapide ezari buruzkoa da, hau da, eragindako administrazioek ez dutela espediente egokia izapidetzen eta kexa aurkezten duen pertsona guztiz babesik gabe geratzen dela administrazioaren jarduera ezaren aurrean. Beste kexa-bloke bat espedienteak amaitzeko justifikaziorik gabeko atzerapena dutenei buruzkoa da, horrela bada, administrazioak erreklamazioa abian dagoela esan arren, ez da behar bezala ebazten, eragindakoentzat horrek dakartzan ondorioekin. Azkenik, beste kexa-multzo batean erreklamatzaileek erreklamazioa ukatu izanarekin ados ez daudela azaltzen dute.
2.6. Tokiko zerbitzu publikoak
Landa guneko oinarrizko zerbitzu publikoak erreklamazio iturri izaten jarraitzen dute, eragindakoek ur-hornidura, argiteria publikoa eta ibilgailuak sartzeko bideak mantentzea bezalako zerbitzuak hiri inguruan eskaintzen diren baldintza beretan eskaintzea eskatzen baitute. Arazoa da zerbitzu horiek, kasu batzuetan, ezin direla proposatu hiri inguruan eskatzen diren intentsitate eta ezaugarriekin (argiteriaren kasuan, adibidez), eta beste kasu batzuetan, sare publikoen urruntasunak, ur-hornidurarekin gertatzen den moduan, hodi orokorrera lotzea zailtzen edo galarazten du eta hitzartutako beste konponbideak hartu behar dira, nahita ez eragindakoen parte-hartze ekonomikoa eskatzen dutenak, udal administrazioak ez baitu zertan zerbitzu horiek isolatutako etxeetaraino eraman.
Bestalde, jabekideen elkarte batek aurkeztutako kexa-idazki bat ere izapidetu dugu, ur-emakidaren titulartasuna eskualdatzeko espedientea behar bezala izapidetu eta ebatzi ez izanagatik. Kasu honetan kexa aurkeztu zen Uraren Euskal Agentziak (URA) elkartea behartu zuelako Txingudi Zerbitzuen udal sarearekin lotzera eta emakida iraungitzeko espedientea hasi zuelako, eta ez zegoen horretarako arrazoirik, aldaketa berariaz zegoela justifikatu ondoren, ez baitzitzaizkion eman emakidaren inskripzioaren baldintzetara egokitzeko izapideak. Uraren Euskal Agentziak jarduerak emakidaren titular berria inskribatzeko izapidera atzera eramateko helarazi genion proposamena onartu zuen.
Azkenik, interesgarria iruditzen zaigu zaborra biltzeko AAB (atez ateko bilketa) sistemari dagokionez jasotako hainbat kontsulta aipatzea. Interesdunek udalak zaborrak biltzeko sistema zehazteko duen eskumenaren inguruko informazioa eskatu dute eta zabor-poltsak ikuskatzeari dagokionez eska ditzaketen bermeen inguruko kezka helarazi dute. Hondakinei buruzko apirilaren 21eko Legeak, alor honetako esparru orokorra ezartzen du eta hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta, gutxienez, baztertzea, derrigorrezko zerbitzu gisa, udalei dagokiela xedatzen du, dagozkien ordenantzek ezarritakoari jarraiki. Bestalde, hiri-hondakinak dituztenei toki erakundeei emateko beharra ezartzen die, horiek birziklatu, balioztatu edo baztertu ditzaten, eta zaborra jasotzen dutenetik erakunde horiek horien jabetza izango dute.
3. Ofiziozko jarduerak
Ofiziozko espediente bat izapidetu dugu, Errenteriako salmenta ibiltaria jorratzen duena. Zehazki, eta administrazioaren funtzionamenduaren atalean gai honen inguruan aipatu dugun gomendioari dagokionez, egokitzat jo genuen espediente hori hastea salmenta ibiltariari eta egon zitekeen eskaerarekiko udalaren erantzunari buruzko informazio zehatza biltzeko, bien bitartean, indarrean zegoen ordenantza aztertzen zen. Une honetan udal administraziotik jasotako erantzuna baloratzeke dago.
Bestalde, beste kexa-espediente bat ere izapidetu genuen Zarautzen agertutako zinegotzien kontrako pintada mehatxagarrien inguruan prentsan agertutako informazioa eta udalaren jarduera faltari buruzko salaketa zirela-eta. Zarauzko Udalak eskainitako informazioa kontrastatu ondoren, udal administrazioak paramentu bertikalak, pintadak, graffitiak eta baimenik gabeko pankartak eta kartelak kentzeko udal administrazioak ezarrita duen jarduera-protokoloa behar bezala bete zela ondorioztatu genuen. Zehazki, zerbitzu arduradunek, hainbat egunetan zehar, 101 pintada ezabatu, 24 pankarta eta itsatsitako kartel ugari kendu zituzten, pintadetakoren bat egin eta hainbat egin geroago ezabatu ez izanaren kaltetan izan gabe.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Ekitaldi honetan izapidetu ditugun kexa-sorta zabala da, autonomia erkidegoko hainbat udali zuzendu dizkiegun gomendioetan eta arloko II. epigrafean azpimarratu ditugun kexa laburtuetan islatzen den moduan. Kasuistika horretatik abiatuta, herri administrazioek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzeko politika publikoetan aurrera egite aldera azpimarratu behar diren gai garrantzitsuenak zertzelada batzuetan laburbildu ditugu.
Zentzu horretan, herritarrek, herri administrazioekiko harremanetan dituzten zailtasunengatik, urtero erakunde honen aurrean izapidetutako kexetan azaltzen dizkiguten arazoak ez dira berriak. Horrela bada, herri administrazioek aurkezten diren eskaerei erantzuna emateko duten beharra azpimarratzen jarraitu behar dugu. Administrazio isiltasuna, ondoz ondoko memorietan aipatzea errepikakorra gertatzen den arren, herritarren administrazioaren jarduera faltaren aurrean erantzun ahal izateko pentsatutako mekanismoa da, baina ez da itxierako administrazio mekanismoa edo, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (HAAJAPEL) zioen azalpeneko IX. atalean azaltzen duen moduan, ez da ahalmen juridiko arrunta, administrazioak euren xede diren funtzioak eraginkortasunez eta behar bezalako azkartasunez burutzen ez dituztenean partikularren eskubideek edukia galtzea eragozten duen bermea baizik.
Administrazioaren jarduera eza horrek administrazio jarduera zuzendu behar duten printzipio orokorrak urratzen ditu, HAAJAPELko 3. artikuluaren xedapenen babesean. Zehazki, eraginkortasunaren eta herritarren zerbitzuaren printzipioei buruz ari gara, baina baita gardentasun eta parte-hartze printzipioei buruz ere. Dagozkion legezko izapideak eta baldintzak bete ondoren, aurkezten zaizkion eskaerak behar bezala edo inolaz ere izapidetzen ez dituen administrazio batek nekez adierazi ahalko du bere jarduera herritarren zerbitzura dagoela. Publikoak eragin nabarmena dauka gure eguneroko bizitzaren alor guztietan (osasuna, hezkuntza, oinarrizko tokiko zerbitzuak, etab.) eta, ondorioz, herri administrazioei eska dakieke euren jarduera eraginkorra izan dadin.
Aurrekoarekin lotuta, gorago aipatutako artikuluak eskaintzen duen legezkotasun printzipioa ere aipatu behar dugu, baita administrazioak, mugitzen garen esparruan, bere jarduera administrazio-zuzenbidearen diziplinaren mende jartzeko duen beharra ere. Beste batzuetan adierazi izan dugun moduan, herri administrazioek legezko tresna garrantzitsuak dituzte, nolabaiteko “lehentasunak” partikularren aurrean (zehatzeko ahala, jabetza kentzeko ahala eta bere burua babesteko ahala, besteak beste). “Lehentasun” horiek dituzte legeak herri administrazioei eskaintzen dizkien tresnak direlako berezkoak dituzten helburuak bete ditzaten eta, horren guztiaren ordainean, herritarren eskubideak bermatzeko mekanismoak ezartzen dira, kalitateari, arintasunari eta azkartasunari dagokienez. Herritarrentzako berme horietako bat dagokien prozedura bideratzean zein kasu zehatz bakoitzari dagokion legearen aplikazio zuzenean legezko izapideak eta formaltasunak bete behar izatea da. Azken finean, elkarrekiko harremanetan legez ezarritako jolasaren arauak zorrozki betetzean datza.
Bestalde, iazko memorian iragarki-ohol elektronikoa garatu eta ezartzeak zuen interesa eta tresna horien erabilera herritarrei orokorrean errazteko bitarteko ezberdinak eskaintzearen praktika ona azpimarratzen genituen bitartean, aurten administrazio elektronikoa ezartzetik, zerbitzu publikoak aurreratzeko eta hobetzeko tresna bakartzat jotzen badugu, ondoriozta daitezkeen arazoak aipatu nahi ditugu. Gogoeta hori arlo honetako II. epigrafean aipatu dugun Pasaiako Udalari zuzendutako iradokizunaren harira dator. Bertan, herritar batek erregistro orokorraren zerbitzua hobetzeko beharra azaltzen zuen eta udalerriko barruti bakoitzean (lau barruti daude, garrantzi handiko oztopo fisiko natural eta artifizialekin) erregistro bat irekitzea eskatzen zuen. Udalak erantzun zion ez zutela herritarren arretarako bulegoak irekitzeko asmorik, izan ere, udalak administrazio elektronikoa sustatzea erabaki zuen.
Gure ustez, administrazio elektronikoaren garapenak kontuan hartu behar du zerbitzu elektroniko horiek pixkanaka-pixkanaka ezarri behar direla herritar batzuek erabiltzen dituztelako, erabilera oraindik ez baita orokorra, eta, ondorioz, garapena ezin da kaltegarria izan edo administrazioak ematen dituen zerbitzu presentzialak hobetu eta modernizatzeko aukeratzat jo, bai, ordea, dagoeneko badauden bideei gehitu beharreko bidetzat.
Administrazioak ematen dituen zerbitzuen maila eta zerbitzu elektronikoetako erabiltzaileak izan daitezkeenak dimentsionatu eta zehazteko, interesgarria da herritarrek administrazio elektronikoaren inguruan duten asetasunari buruzko 2011ko txostenaren datuak aipatzea. Txosten hori AEVALek egin zuen (Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Behatokiko txostena. Politika Publikoen Ebaluazioa eta Zerbitzuen Kalitatearen Estatuko Agentzia). Txostenak agerian jarri du herritarren herena duela gutxi bihurtu dela e-administrazioaren zuzeneko erabiltzaile eta erabiltzaile horietako gehienek administrazio elektronikoa informazioa bilatzeko eta inprimakiak deskargatzeko erabili dutela eta ehuneko 25ak bakarrik adierazi duela bide honen bitartez gauzatu dituela izapideak osorik. Hala ere, ia herritarren erdiak ez du inoiz erabili zuzenean edo zeharka administrazio elektronikoa, adinak, hezkuntza-mailak eta gizarte-klaseak
e-administrazioaren erabileran garrantzi handia duten aldagaiak direla azpimarratuz.
Horregatik, administrazio elektronikoaren garapena eta ezarpena herritarrentzat onurarik handia dela agerian jar dadin, pertsonek baliabideak (Interneterako sarbidea), prestakuntza jaso ditzaten eta horiek erabiltzeko beharrezko tresna elektronikoak (NANaren irakurgailu elektronikoa eta beste egiaztapen mota batzuk) eduki ditzaten aintzat hartuko duten politika inklusiboak diseinatu beharko dira, e-administrazioaren erabiltzaile izan daitezkeenak gerturatuko dituzten baliabide pertsonalak eta materialak eskuragarri jarrita.
Dena den, zerbitzu elektronikoen garapen horrek ez du inolaz ere ekarri behar erabiltzaile gehienek erabilitako zerbitzu presentzialen hobekuntza ukatzea eta, ildo horretan, herri-administrazioek baliabide teknologikoek erakusten duten ahal guztia erabili beharko lukete aipatu baliabideak antolatzeko eta haien zerbitzuetako erabiltzaile guztiei zerbitzu publiko hobea emateko, eta hori guztia, gehiegizko gasturik burutu behar izan gabe. Horrela bada, agiriak erregistratzeko kasu zehatzean, adibide gisa, hainbat aukera aipa genitzake: administrazio egoitzetan edota bestelako udal bulegoetan erabilera askeko terminal informatikoak ezartzea, erabiltzaile gehienek euren kabuz edo udalak gaitutako langileen laguntzarekin agiriak erregistratu ahal izateko; erregistro orokorraren erregistro laguntzaileak sortzea (gaur egun, sarean lan egiten dela eta eskanerra bezalako bitartekoak daudela kontuan hartuta, aukerak ugaritzen dira).